top of page

A zatia


A.1
Hautsak, sehaskatik, bere izena dio
Argia ahultzen da arrastirian
eta arrastiria bihurtzen da iluntasun
iluntasuna loratzen da goiz-alban
eta goiz-albaren eztandak berekin dakar argia.
Eta argia ahultzen da arrastirian…
Ezker bentrikulua
eskuin bentrikulua
eskuin birika
ezker birika
ezker giltzurruna
eskuin giltzurruna
eskuin belarria
ezker belarria
ezker hemisferioa
eskuin hemisferioa
Iparraldea Hegoaldea Ekialdea Mendebaldea
denak jira-biraka
Eta hor nonbait — ardatz bat.
Baina, hemen — ardatz baten oroitzapen urrun eta zalantzatia, orain dela aspaldi eta hemendik urruti
Hemen — oroitzapen bat gehienek ahantzia, berak ere ahaztua
600 oinetara hondoratua zingira-lurren azpian,
lurrikara baten azpian, zeinak harri eginda uzten baikaitu:
gu geu bihurtzen gara zoru dardarati,
gu geu sakabanatzen gara, iraganeko batasuna ahaztuta,
deserroturik, inoiz sustraitu ginenik ere jakin gabe;
astinaldi amnesiko bat, horixe gara…


A.2
Lakua isurian-isurian
ez da inongo baso komunikatura husten
Ernatu gara
eta ikusi dugu gure mundua idortzen
tantaz tanta —
hemorragia martxan da
hutsunez hutsune
ezereza atezuan.
Dorreak eraikitzen dira desertu eta zingiretan
Gaua garaitzen dute argi elektrikoek
Irribarreak xurgatzen dituzte pantailek,
armadak, berriz, borrokarako prestatzen dira —
eta bataila hasi da jada.
Fronteko lehen lerroak txikituta daude honezkero
eta dolutuen malkoekin hartzen dute ofizialek tea
— arima gehiegi galdu da itsasoan…
Auzokoak aztertzen ditugu
haien beldur izan behar genukeen jakin nahian
Erresistentzia isilkorra da
Erresilientzia ez da barkatzen
Indarkeriak jo eta su darraio
zer egin liteke, amore eman ez ezik?
Eta edozeri heltzen diogula ere, gure gainbeheran
gurekin galduko da.
Kontzientzia — galdua
Eskuzabaltasuna — galdua
Dibinoaren jakintasuna — galdua
ardatza — galdua
Orno bat hautsi da.


A.3
Arrastian barna ikusten
ikasten ari naiz
Ate zigilatu ugari zeharkatu ditu nire begiradak
harik eta ulertu dudan arte gibelean gordetzen zena
hustasuna zela.
Atez ate,
errezelaz errezela,
lanbro trinkoan zehar,
murgildu nintzen hutsune gero eta handiago batean
eta sentitu nuen hutsune hori barnean astinka,
neure hitzetatik eta
keinu geldoetatik zeriola.
Ikusi nuen nola isurtzen zen, ezti zahar eta itsaskorra bezala,
hurbil nahi nuen jendearen eta nire artean,
eta nola sortu zuen, izate herratuen inguruan, loturak eragozteko aura bat.
Are sakonago murgilduz,
nabaritu nuen kolore berri bat, ezezaguna,
ñabardura sotil bat paisaian, begi hasiberriek inoiz ikusi gabea…
Edertasun-ñabardura bat azaleratu zen, bat-batean, iluntasuneko ostarte bitxi batzuetan barna!
Ezustean, gauza miragarriak ikustatu nituen, hutsunearen interstizio susmaezinetatik irristatzen zirelarik…
Bai, galera-gradu guztien azpian,
edertasuna zegoen.
Hortxe zegoen, errealitate-geruza aldibereko ugarien artean hor nonbait,
multzo batean harrapatuta,
gainerako guztiarekin batera.
Eta galdegin nuen: ba al da itxaropenik edertasunean?


B zatia


B.1
Gure inkontzientziaren basoa
sakona da.
Haren iluntasunarekin nahasten dira ildo itsugarri batzuk, gris trinko aldakorrak;
patroi bat ulertzen saiatzen gara, baina distirak beti agertzen dira gutien espero dugun norabidean.
Hosto ustel beratxen gainetik gabiltza, eta, aldi berean, hosto ustel beratx gehiago erortzen zaizkigu goitik, zuhaitz zurrunetatik.
Goitik? Ez dakigu ondo zer dagoen «goian» eta zer «behean», edo nola lotzen diren gure gorputzeko zatiak elkarren artean.
Belarriak dira gure itxaropen nagusia: munstrozko aurikula bihurtuta, osorik hartu digute gorputza.
Kolpeak, klaskak, mamu-murmurioak, orro urrunak
hurbilago daude
gero eta hurbilago
Badirudi halako espektro-masa batzuetan biltzen ari dela iluntasuna
presentzia harrapaezinek arnasa hartzen dute, heze eta lodi, gure lepoan
orratz zorrotzak sartzen dizkigute azalean,
iluntasuna gero eta itogarriagoa da,
dragoi-begi gorriek zulatzen dute bat-batean.
Urruneko orroak, orain, alimaleko zezen burugabe baten trosta astuna dira, lasterka dator gugana, zuzen-zuzenean —
Bazterrera egiten dugu,
gure orein-hanka ahulek estropezu egiten dute sustrai itsaskorretan
hautsa sartzen zaigu ahora
gutako bat ikusten dugularik ihesaldi desesperatuan,
gibeletik dabilzkio hortzik gabeko otsoak —
kliskada bat gehiago —
Orain, aldra amorratuaren parte gara, eta arnasestuka ari den gure auzotarraren begi horian, azkenean ere ikusi dugu:
tornado bat gara,
otso aho-hutsak
zorutik altxatu gara
eta xurgatu gaitu
mutur batek
erraldoia
irekia
zorrotza
beltz-beltza
eta…


B.2
Aditu!
Entzuten didazu?
Hemen nago!
Hainbat orduz aritu naiz deika!
Hainbat astez eta hilabetez aritu naiz deika!
Hainbat urtez! Jaio zinenetik aritu naiz deika,
eta zure aitatxi-amatxiak jaio zirenerako deika ari nintzen jada!
Entzuten al didazu orain?
Ez nauzu ezagutzen, baina nik zu bai.
Ez nauzu ezagutzen, baina maite zaitut, sortu duzun mina gorabehera.
Zerbait gertatu da, zerbaitegatik aukeratu duzu une hau
orain, egon nirekin, egon nirekin
hauxe dugu azken aukera…
Zure arima nauzu
eta nire ahotsa, orain entzuten ari zaren ahots hau, suntsipenetik salbatuko nauen azken haria da
utzidazu mintzatzen, eta biziko naiz
aditu niri, eta biziko naiz
eta bizi banaiz, zu biziko zara


C zatia


C.1
Minutu bakoitza bidegurutze bat da
zu eta biok, hemen eta orain, aurrez izandako milioika bidegurutzeren oinordekoak gara
eta etortzekoak diren bidegurutze guztien protagonistak
Denbora hemen da, lekua orain da.
Beti da orain
Minutu bakoitzak berekin dakar aukeratzeko ahala,
patuari ukondo-kolpe bat emateko ahala,
ikasteko ahala, haztekoa, gehiago maitatzekoa.
Erloju-kolpe bakoitza iratzartzeko dei bat; entzuna izan nahi du, kosta ahala kosta.
Gogoak, esna zaitezte!
Gorputzak, esna zaitezte!


C.2
Utzidazu zure barrura isurtzen
Utzidazu zu gidatzen hurrengo minutuan
Utzidazu erakusten zer den erreala, eta zer ez
Utzidazu zure inkontzientziaren basoa eraisten
eta zure begi odoltsuak argiztatzen
Utzidazu zu zaintzen
Utzidazu zure gertukoak zaintzen,
zure barneko otsoak eta oreinak
eta zure inguruko otsoak eta oreinak
Utzidazu zu babesten kanpoko zein barruko arriskuetatik
Utzidazu zu gizaki bihurtzen
gizakien artean
gainerako guztiaren artean


C.3
Barruan — Kanpoan
Ezker bentrikulua — eskuin bentrikulua
Utzidazu askatzen zure bihotzaren jakintza
eta bazenuenik ere ez zenekien indarra
Eskuin birika — ezker birika
Utzidazu zugan arnasa hartzen
Ezker belarria — eskuin belarria
Utzidazu maitasunaren hizkuntza irakasten
Hemen — ardatz bat hedatzen da
babesleku birakari bat
Utzidazu mintzatzen eta biziko naiz
Utzi egiten eta biziko naiz
Aditu, eta biziko naiz
eta bizi bazara, biziko naiz
Utziguzu mintzatzen eta biziko gara
Utzi egiten eta biziko gara
Aditu, eta biziko gara
Eta bizi bazara, biziko gara.
Hautsak, sehaskatik, bere izena dio

  • Facebook
  • Instagram
  • Vimeo
bottom of page